...ren komiki berriak
Txintxo
eta Demontxo
Naiara
Kuxko
Kattalingorri
Bruno
Ametz eta Mustroa
Beto Asmatzaile
Otxoa Jauna eta Matxin...
332 zenbakia
 

 

 

 

 

 

 

"Gosea daukat edo oraintxe bertan behi bat jango nuke esatea oso gauza ezberdinak dira".

AMAIA AGIRRE

Bertsolaritzaren munduarentzat udazken garrantzitsua izan da amaitzear dugu hau. Urte amaieran, abenduaren 18 a, Euskadiko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da Barakaldon, BEC- en. Lau urtean behin izaten den final handi honetan lan gogorra izango dute oholtza gainean Andoni Ega–ari, birritan irabazle izandakoari, txapela kentzen saiatuko diren zazpi bertsolariek. Bertsolari elkartean lan handia egin da azken urteetan etorkizuna ziurtatzeko; ehundaka haur eta gaztetxo ari da une honetan bertso eskoletan lanean , eta euren irakasle eta txapelketan parte hartu duen Amaia Agirrekin izan gara hizketan. Donostiako Egia auzoko Aitor Ikastolan harrapatu dugu, irakasle lanetan.

-Bertso eskoletan zeren arabera egiten duzue mailaketa?

Bi bertso eskola daude gaur egun. Biak eskolako orduez kanpo dira, bata eguerdian, ordubete bazkalostean eta kitto. Herri mugimenduetan ez daukate eragin handiegirik. Besteak berriz arratsaldetan izaten dira, eskolaz kanpoko beste edozein ekintza bezala. Sailkapenari dagokionez, herri bakoitzean egoera oso ezberdina da. Normalean edadearen arabera egiten da. Saiatzen gara bi- hiru urteko tartean sartzen. Behin 14 urtetik aurrera Eskolarteko Txapelketa egiten da. Askotan hobe da sailkapena mailaren arabera egitea, baina logikak agintzen du adinaren arabera elkartzea, ikasleak batera hasten direlako eta maila bera dutelako; aurrerapena edo progresioa maila bertsuan egiten dute.

-Zein adineko ikasleak izaten dira?

Gomendagarria da zortzi urtetik gorakoak izatea. Zortzi- hamazortzi urteko tarteko ikasleak izaten ditugu. Hamazortzi urtetatik aurrera etapa berria hasten da. Batzuek bertsolariak izan nahi dute eta beste batzuek ez dute anbizio hori. Azken finean, nahiz eta bertso eskolak izan, bertsozaleak sortzeko eskolak edo lekuak ere badira. Hamazortzi urtetik gorako Bertso Eskolak Helduen bertso eskola izendatzen ditugu.

-Zer ikasten dute gaztetxoek?

Normalean astean ordubeteko eskolak ematen dira. Une honetan materiala biltzen ari gara, bertso eskolen arteko sare bat sortu nahian. Orain arte bertso eskola bakoitza bere kasa ibili da, bakoitzak bere baliabideak sortu ditu eta elkarren berri gehiegi jakin gabe ibili gara. Eskolei dagokienez, bertso zaharrak ikastea oso inportantea da, memoria lantzea, azken finean buruko almazena betetzea delako. Errimak lantzea, doinua, jende aurreko postura, kontakera....Egia esan ez dago teoriarik, ez dago bertsolariak ateratzeko pozimarik.

-Azken urteetan, gaztetxoen euskara mailak behera egin duela diote . Nabaritzen ahal duzue horrelakorik bertsolaritzaren munduan?

Herri txikietako umeek maila ona dute, bai, baina besteek ez daukate iturri bera, ateraldi horiek, grazia hori, gauzak kontatzeko modua. Bertso bat egitea erreza da, zaila da bertsoa goitik behera ekarriz, duzun ideia hori indarrarekin saltzen eta formulatzen ikastea. Hizkuntza maila zenbat eta hobea, baliabide gehiago izango duzu nahi duzun hori esateko. Umeek euskaraz gero eta maila baxuagoa dute, baina zenbat hitz egiten dute euren artean edo etxean? Telebistako euskara ere zuzena da, baina graziarik gabeko euskara da.

 

   

 

 

-Bertso saio eta txapelketetan gero eta emakume gehiago ikusten dugu. Parekotasun edo berdintasunera ailegatzen ari gara?

Bertso eskoletan kopurua pare-parekoa da, eskola arteko txapelketetan, umeetan, neskak dira hoberenak. Ez dakit helduagoak diren edo langilegoak. 14-15 urtera iristen diren garai horretan desagertu egiten dira, jende aurreko saltoa ez baita erraza. Askok atzera egiten dute, oholtza gainean bertigoa sortzen da eta atzera egiten dute. Bertsoen munduan oraindik ez dago berdintasunik, gizartean ez dagoen bezela. Bertsolaritza gizartearen parte eta ispilu da.Berdintasun hori etorriko da, etorri beharko luke, gauza naturaltasunez joanda.

-XXI garren mendea gaude eta teknologia eta aurrerapena bertsolaritzaren mundura ere ailegatu da. Bertso eskoletako ikasleak euren artean txateoan aritzen direla esan digute....

wwwbertsozale.com da helbidea; bertso eskolen tartean sartuz gero postontzia, jokoak, ariketak eta foroa aurkituko dituzue. Gaztetxoek lagun asko egiten dituzte euren artean, esaterako elkarrekin txapelketetara joateko hitzordua bertan egiten dute.

-Urtea amaitzearekin batera, abenduan Euskadiko Txapelketa Nagusiaren finala iritsiko da; aurten berrikuntza lekua bera da, Bizkaia, Barakaldo izan da elkartearen apustua.

Elkartearen apustua da bai, egia da bertsolari denok sentitzen garela elkarteko proiektuaren parte eta niri ongi iruditzen zait. Gipuzkoarrak oso ongi ohituta geunden eta orain mugitu egin beharko dugu. Apustu handia egin da: 13.000-14.000 lagunentzat lekua duen leku erraldoi batera mugitu da. Sektore erdaldunari garrantzia eman nahi izan zaio. Apustu bat da, nik uste dut kalterik ez diola egingo, egitekotan mejora izango da.

-Txapelketa Nagusian parte hartzen ari zara. Nola prestatzen du bertsolari batek bere burua horrelako lehia bati aurre egiteko?

-Hoberena da bertso zahar pila irakurtzea, ikusi nola dauden eginda, gauzak nola pilatzen dituzten, bukaera nola dagoen eginda. Gauzak esateko modua, metaforak... gero justu guztiak sartzeko moduko gaia egokitu behar zaizu. Aurreko txapelketak ere aztertzen ditugu, bakoitzak nondik heldu dion gaiari, ideiak.... guztia aztertzen dugu.

-Nolabait esatearren, hori guztia forma aldetik da, baina edukia, alegia, gaiak ere landu behar dituzue, eta aktualidadea jarraitzeak berebiziko garrantzia izaten du, ezta?

Komeni da, menderatzen duzun gaiarekin nahiko lan duzu, pentsa gaiaz ezer ez badakizu. Askotan jendeak adina dakizu, ez gehiago eta ez gutxiago, eta horri zukua atera behar diozu, beste ukitu bat eman. Sorpresaz harrapatu entzulea. Saio askotan aktualidadeko gaiak tokatzen dira, eta askotan gainera bezperako kontuak. Momentu txarra pasatzen da entzuten ari den jendeak zuk baina gehiago dakiela dakizunean.

Ainhoa Mendiburu

 

 

   
 
   
 
Azken
zenbakiak