...ren komiki berriak
Txintxo
eta Demontxo
Naiara
Kuxko
Kattalingorri
Bruno
Ametz eta Mustroa
Beto Asmatzaile
Otxoa Jauna eta Matxin...
331 zenbakia
 

 

 

III. IPURBELTZ KOMIKI SARIA

Ipurbeltzi esker asko izan gara euskaraz komikiak irakurriz hazi garenak. Esku artean duzuen hilabetekari hau duela urte pilo bat jaio zen, 70 garren hamarkadan sortu zen. Oraindik gogoan daukat hilabete hasieran amarekin dendara joan eta Ipurbeltz erosten genuen unea. Ia hilabeteko saria izaten zen. Euskaraz oso argitalpen gutxi zegoen garai hartan eta are gutxiago gaztetxoei zuzendutako gauza atseginak. Zakilixut, Txomin, Prontxio ta Martxelino... gure garaiko euskarazko marrazki eta heroiak dira guztiak. Baina pertsonaia horiek guztiak, imaginazio eta lan handia egin zuten marrazkilari eta komikilariei esker ezagutu genituen. Urte asko pasa da eta Euskal Herrian gero eta marrazkilari gehiago dago, egun marrazkilari izatea ez da denborapasa hutsa. Irakurle asko izango zarete, marrazkilari iaioak eta etorkizunera begira urte batzuk barru afizioa dena ofizio bihurtu nahi duzuenak. Hori bultzatzeko aurten ere Erein Argitaletxeak III. Ipurbeltz Komiki saria antolatu du; helburua: euskarazko komikia bultzatzea. Irakurle eta komikizale guztiei dei egiten dizuegu, animatu, lotsarik ez izan eta zuen marrazki, ideia, komikiak, guztiak bidali, dena jasotzeko prest gara, nork daki etorkizunerako ate edo leiho baten aurrean ez zaudeten.

Lehiaketara aurkeztu nahi duzuen komikigile guztiek baldintza bakarra bete behar duzue: gehienez ere 14 urte izan eta parte hartzeko gogo izugarria. Mezu hau irakurri eta sabel barruan kirioak dantzan sentitzen dituzuen guztiek honako pausuak jarraitu behar dituzue:

1. Komikiek euskaraz idatzitakoak izan behar dute, originalak eta argitaratu gabeak.

2. Komikiak orri batekoa izan behar du, Din-A 4 tamainukoa. Kolorea oso kontuan izango dugu.

3. Aurkezten den komiki bakoitzeko bi gutun prestatu behar dira. Komikia bera gutunazal itxi baten barruan eta kanpokaldean komikiaren izenburua duela. Komikiarekin batera egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa, faxa edota e-maila bigarren gutunazal batean.

4. Lanak Erein Argitaletxea "IPURBELTZ KOMIKI SARIA" -Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostiako helbidera bidali behar dituzue Abenduaren 16a baino lehen.

Horiek bete beharrekoak eta noski parte hartzaile guztien ahelegina eta lana baloratuta, sariak, alegia honetan guztian interesgarriena dena ere zehaztu beharrean gara. Hiru sari izango dira

1.Saria: Ordenagailua Pentium 4

2.Saria: Playstation 2

3.Saria: Mountain bike bizikleta.

Irabazleen izenak Urtarrilean ezagutuko ditugu eta lehen saria eskuratzen duenaren komikia Otsaileko Ipurbeltz aldizkarian argitaratuko dira.

Erraza ezta? Ba, animatu guztiak eta inguruko lagunei lehiaketaren berri eman, marrazki, pertsonaia, proposamen... guztiak jasotzeko irrikitan gaude Ipurbeltz egiten dugun guztiok.

   

 

 

IAZKO IRABAZLEEN ERITZIA

Lau lagun izan genituen iazko txapelketan irabazle, lehena Aritz Ibarra Gasteiztarra, bigarren sariduna Leire Garaizabal zumaiarra eta hirugarren sailkatuak Hondarrabiko Maider Calvo eta Lara Goikoetxea. Guztiei lehiaketara aurkezteko arrazoien inguruan eta etorkizunari begira duten asmoez galdetu diegu. Hona hemen erantzunak:

IPURBELTZ.- Zergatik aurkeztu zinen lehiaketara?

ARITZ.- Dibertigarria iruditu zitzaidalako .

LEIRE.- Eskolatik bultzatu ninduten.

MAIDER ETA LARA.-Eskolan komikia landu eta gero bat egin behar genuen eta irakasleak aurkeztea erabaki zuen.

IPURBELTZ.- Ipurbeltz ezagutzen zenuen? Nola eta noiz ezagutu zenuen?

A.- Bai, ikastolako liburutegian aspaldi ezagutu nuen.

L.- Bai. Lehen Hezkuntzako liburutegian zegoen. Duela lau edo bost urte ezagutu nuen.

M-L.- Bai, eskolan zeudelako eta batzuetan lehen mailan irakurtzeko hartzen genituen.

IPURBELTZ.- Euskal Herrian nahikoa komiki dago? Gehiago behar dugu?

A.- Ez dago nahikorik, gehiago behar dugula uste dut.

L.- Oso gutxi dago. Bai, baina horretarako jendea bultzatu beharra dago.

M-L.- Ez, gehiago beharko genituzke.

IPURBELTZ.- Nondik etortzen zaizu marrazkilari izateko afizioa?

A.- Aitarengandik jaso dut afizio hori.

L.- Eskolan egiten ditut, hala ere ez naiz oso marrazkizalea.

Lara.- Aitarengandik, marrazki irakaslea delako.

Maider.- Nire izebarengandik, marrazkilaria delako.

IPURBELTZ.- Zein dira gustokoen dituzun marrazkilariak? Zergatik?

A.- Ipurbeltzeko Lope eta Dagon Falleko Nacho Fernandez eta Alvaro Lopez. Marrazkia eta gidoia, guztia gustatzen zaidalako.

L.- Ez dut marrazkilari gogokorik, ez dut gehiegi jarraitzen mundu hori, beste arlo batzuk gehiago lantzen ditudalako.

M-L.- Orohar komikilari guztiak gustatzen zaizkigu haien marrazkiak barregarriak direlako.

IPURBELTZ.- Nola ikusten duzu zure burua hemendik hamar urtetara?

A.- Musikari eta komilari lanean.

L.- Etorkizuna urruti ikusten dut, ez naiz jarri pentsatzen nere etorkizunean.

LARA.- Marrazkilari bezela.

MAIDER.- Argazkilari edo diseinatzaile modura.

Ainhoa Mendiburu

 

 

   
 
   
 
Azken
zenbakiak