|
Faustino Aranzabal:
"Marixe panpinen baleta" ikuskizuneko zuzendaria.
"Haurrekin
erreakzioa zuzena da, gustatzen bazaie berehala
nabaritzen da."
Ia hiru urtetan
Euskal Herriko antzoki sare osoan izan da Kresala
dantza taldearen ikuskizuna. Txotxongiloak, elementu
magikoak, gizakiak... guztiak bat eginda Ortzadarraren
zazpi koloreak berreskuratzeko lanean. Berrogeita
hamar lagun lanean, dantzariak, titiriteroak, antzerki
mundutik etorritako lagunak, musikariak... guztiak
bat eginda familia osoarentzat egindako ikuskizunean.
Hori bai, oinarrian etxeko txikienak, haurrak gogoan
hartuz egin zen baina helduei ere izugarri gustatzen
zaie Markos eta Kattalin panpinen abentura.
Nola definituko
zenuke "Marixe" ikuskizuna?
"Marixe, panpinen
baleta" dantza eta txotxongiloen mundua lotzen dituen
ikuskizuna da. Psikodrama bat da. Haurrentzat oso
modu erakargarrian eskainitako lana da. Hartzak,
zangoak, ardiak, azeriak... pertsonaia ugari agertzen
da.
Zer kontatzen
da "Marixe, panpinen baletan"?
Fabula bat da. Irudimenezko
leku batean kokatu dugu. Leku horretan Ortzadarra
desagertu da eta bi protagonistek, Markos eta Kattalinek,
beste hainbat pertsonaiek lagundurik kolore guztiak
banan-banan eskuratu beharko dituzte. Guztiak eskuratutakoan,
Ortzadarra berreskuratuko dute.
Zergatik "Marixe"
izena? Nondik dator?
"Marixe" elementu
magiko bat da. Mari bat izango balitz bezela. Protagonistak
panpinak dira; Markos eta Kattalin. Ikuskizunean
zehar pertsonaia bizi bihurtzen dira; eta, horiez
gainera, gorputza duten gizakiak ere badaude, protagonistei
laguntzen.
Zenbat lagunek
osatzen duzue "Marixe,panpinen baleta" ikuskizuna?
Guztira berrogeita
hamarren bat gara. Ikuskizuna familia osoarentzat
dago pentsatuta. Partaide gehienak helduak gara,
baina une jakin batean dantza eskolako ikasle batzuek,
haur batzuek ere parte hartzen dute. Hiru belaunaldi
daude Marixe ikuskizunean, bizitzak dituenen ispilu
: haurtzaroa, gaztaroa eta zahartzaroa.

|