|
Lehengoan, kazetari askok: "Liverpool 3-0 galtzen hasi zen Txapeldunen Ligako finala". Nik dakidala, hutsean hasten dira partidak... Lehengoan, pilotan buruz burukoa, eta aurrez aurre: Xala eta Gonzalez. Eta bien entrenatzailea: Ladutxe. Zer esan ote zion bakoitzari kontrarioaz?... Lehengoan, batek: golf zelaiek ur asko behar izaten dute, ura urri samar dago, eta hemendik aurrera zergatik ez harrizko golf zelaiak? Eta pentsatzen hasten zara, eta zergatik ez? Golf jokalariek ez lukete orduan ere minik hartuko... Lehengoan, futbol partida batean (beste) ikusle bat irten zen zelaira, jokoa moztu egin zuen, eta telebistako esatariak egundokoak esan zituen haren kontra. Telebista kate berean, zelaira biluzik irten ohi den batekin erreportaje luzea eginda daude, eta, jakina, ikusle hori, bestea ez bezala, jatorra da... Lehengoan jakin genuen: helikoptero batek Everesteko tontorrean aparkatu zuen. Gizona ilargira iritsita dago (hala diote), eta, beraz, berandu heldu da helikopteroan munduko mendirik handienera, ezta?...
Enekoitz Esnaola |
||||||