Infernuko garrak etxe orratzean

Izugarrizko hondamenak egin zituen arren, ez zen biktima asko izan: 14 hil eta 25 zauritu. Dena dela, New Yorkeko biztanle askorentzat 1945. urteko uztailaren 28ko goiza beren bizitzako latzena izan zen. New Yorkeko biztanleek begien aurrean ikusi zuten nola jotzen zuen hegazkin batek garai hartan munduko etxe garaiena zenaren kontra -Empire State, 381 metro garai-, Estatu Batuetan biztanle gehien zituen hiriaren erdigunean.

 

Hegazkin hura B-25 bonba jaurtitzailea zen eta bi motor zituen. Hegazkin mota hori 1942an egin zen ospetsu, Estatu Batuek Japoniaren kontra egin zuten lehen bonbardaketaren ondoren. Old John Feather Merchant izena zuen eta pilotua William F. Smith teniente koronela zen, 27 urtekoa, gudu zelaian bi urtez zerbitzuan egona zen beterano dominaduna; harekin zihoazen Christopher Dimitrovich sargentu bigarrena eta marinel gazte bat, dohain bidaiatzeko eskatu zuena. Hegazkina Bedford-etik, Massachusetts, irten zen eta harentzat ohikoa zen hegaldian abiatu zen, Newark-eko (New Jersey) aireporturako bidean.

Hegazkina La Guardia aireportura (New York) hurbildu zenean, lurreratzeko eskatu zion kontrol dorreak, lainoa, zirimiria eta hodei ugari baitzegoen 200 m-ra; 5 km-ra ikus zitekeen gehienera, eta horren guztiaren ondorioz, hegan egiten arriskutsua zen oso. Baina Smith ez zen harekin kezkatu eta Manhattan-eko uhartetik Newark-era zeuden kilometro gutxi haietan aurrera egitea erabaki zuen. Hego-mendebaldeko norabidea hartu zuen; horretan, kontrol dorreak adierazi zion hodeiak oso behera zeudela eta ez zirela Empire Stateko azken solairuak ikusten. "Eskerrik asko" erantzun zien Smithek. Ez dugu inoiz jakingo zer gertatu zen esaldi haren ondorengo minutuetan. Ziur asko, non zegoen ez zekiela gelditu zen Smith laino itxi haren erdian; oraindik Manhattan gainetik hegan ari zela uhartea atzean utzi zuela uste izan zuen eta Newarken lurreratzeko prestatu zuen hegazkina. Lurreratzeko trena jaitsita egotea da hipotesi horren oinarri sendoena.

Bonba jaurtitzaileak Manhattan gainetik hegan egiten zuen bitartean, eta Bosgarren Hiribidetik hurbil hegoaldera bira ematen ari zela, jendeak zerura begiratzen zuen, erabat izuturik. Vincent Galbok Grand Central Terminal bulego-dorreko 22. solairuaren paretik igaro zenean ikusi zuen hegazkina, erabat harriturik zegoen. Bosgarren Hiribideko beste hainbat etxe orratzeko eta alboko kaleetako jendea, hegazkinaren burrunba entzutean, korrika irten zen leihoetara, oso gertu ari baitzen hegazkina hegan. Harrigarria eta beldurgarria zen ikustea zilarrezko mamuak nola egiten zuen dir-dir hodeien artean. RCAren eraikinaren behatokitik, Rockefeller Center-en, gizon batek bera zegoen lekutik 30 m beherago ikusi zuen hegazkina.

Smith oharturik etxe orratzezko labirintu batean harrapaturik zegoela, saiatu zen, etsi-etsian, igotzen. Hegazkinaren motorrek orro egiten zuten, eta helizeek, bitartean, igotzeko aginduak betetzen saiatzen ziren, baina lurreratzeko trena motela zen eta ez zion hegazkinari igotzen uzten.

Hegazkinaren azpian, kaleetan, oinezkoak konturatu ziren hondamendia zetozkiela, izugarriak baitziren hegazkinaren orroak. Stan Lomaxek, kirol kazetari ospetsuak, Bosgarren Hiribidean zela ikusi zuen hegazkina eta honela egin zuen oihu: "Igo hadi, ergel hori, igo hadi" Baina berandu zen. Goizeko 9:55etan, Old John Feather Merchant-ek -hamabi toneladakoa- Empire State etxe orratzaren kontra egin zuen, 78 eta 79 solairuen artean, kale mailatik 300 bat metrora…