ARROILAK, MENDIEN ZAURIAK

Euria egiten duenean, ura, mendien magaletan behera irristatzen da errekatxoetara iritsiz. Errekatxoak, ura jaso ahala, erreka handiago bilakatzen dira, errekak ibai, eta ibaiak bide luzea egiten du zialdoka itsasoratu arte.

 

Baina, prozesu guzti honen hasieran, mendi malkartsuetan, batzuetan urak mendia zulatzen du, lurretik behera iragazten da harkaitza zulatuz, eta zartadura sakonak egiten dizkio. Harkaitz horma erraldoiez inguratutako zartadurak dira; erreka trumilka jaisten da, jauzika, haserre batzuetan, bare besteetan. Zokogune irits ezinak dirudite, ez biderik, ez bideskarik, horma eta malkar bertikalak soilik. Baina bada, bere tramankuluekin arroiletara sartzera ausartu den bizidun bat: gizakia; arroiletako jaitsiera izeneko kirola asmatu du.

Zer da arroiletako jaitsiera?

Ur bizien bide traketsetan barrena ibiltzeko modu bakarra, soketatik zintzilikatuz zela ohartu zen gizakia. Lehendabizi, zulo sakon haietako bizimodua ezagutu nahian sartu ziren batzuk; gerora, ordea, denbora pasa edo kirol bilaka zitekeela ohartu ziren. Eskaladako sokak, gerrian lotzeko arnesa, mosketoiak, zortziak eta gainerako tramankuluak hartu eta arroiletan behera abiatu ziren. Ura oso hotza zen, ordea, eta gozatu baino, hotzak amorrazten ateratzen ziren, dardarka. Orduan, urpekaritza egiten dutenek erabiltzen dituzten tankerako jantziak erabiltzea otu zitzaien, eta itxura xelebre harekin, kaskoa jantzi eta berriro ere arroiletan sartu ziren. Sokak hormetako zuhaiska edo harrietara lotu eta zintzilik jaisten ziren batzuetan; putzua urrunegi ez zegoenean, berriz, jauzi egiten zuten igerilekuan tranpolinetik bezala. Uufi! Aaaaapa! Plisti plasta plisti plaust! Jada kirol berria asmatu zuten.

Pixkanaka jende gehiago hurbiltzen hasi zen hain gozagarri zen kirola dastatzera. Egia esan, ausardia pixka bat ere behar da, sekulako garaierako hormatzarrak jaisten baitira, eta bertigoa izanez gero, hobe etxean geratzea. Piriniotako arroilak hamaika koloretan jantzitako pertsonaz betetzen hasi ziren; batzuk beren kabuz joaten ziren, besteak gidari adituaren laguntzaz; batzuk talde ttikitan, besteak autobusetan joandako talde handitan. Udako egun beroetarako ekintza paregabea, zalantzarik gabe. Baina maiz, hainbeste jende elkartzen denez, iladan zain egon behar izaten dute arroilariek, eta jada hori ez da hain gozagarri. Gainera, natura maite dutenak ohartu dira haiek ez direla arroiletako bizidun bakarrak. Nortzuk dira besteak?

Arroiletako bizidunak
Arroilen sakonean hainbat bizidun bizi da: igaraba, muturluze piriniarra, uhandrea, sugandilak, beste hainbat narrastari eta hamaika hegazti mota; baita xomorrorik bitxineak ere. Animalia horiek guztiak, arroiletan bizitzera ohitu dira, hor topatzen dute bazka, bertan egiten dituzte habi, gordeleku eta zuloak, eta hantxe ugaltzen dira kumeak eginez. Horiek guztiekin batera, arroiletan beste inon bizi ez diren landare, goroldio, alga eta likenak bizi dira, beste inon ez baitago arroiletan bezalako bizi baldintza berezirik. Bizidun guzti hauek, hasieran harriduraz begiratu zieten mozorrotuta iristen ziren gizaki haiei, ez baitzekiten nortzuk ziren, ez eta zertara zetozen ere. Gero, ordea, beren ohiu eta ujuekin beldurtzen hasi ziren. Batzuri habi eta gordelekuak hautsi zizkieten, nahigabe bazen ere. Bota eta zapatila handiekin uretako alga eta landare bitxiak desagertzen hasi ziren, eta orduan, hainbat animaliren janaria ere bai. Arroiletako bizidunak asaldatuta zeuden, beldurtuta. Zer uste ote zuen bi hanketako izaki hark? Nola ausartzen zen beren bizilekuko bakea zarata eta axolagabekeriarekin haustera? Batzuk, beren betiko bizilekuetatik ihes egitea erabaki zuten; beste batzuk bertan jarraitzen dute erabat ikaratuta; hirugarren batzuk, betiko janaria jan ordez, gazakiek utzitako janari hondakinak jatera ohitu dira.

Guzti honengatik, mendian eta mendiko arroiletan ez da zaratarik atera behar, ez ohiurik eta garraisirik egin ere. Talde handitan ibiltzea gustukoa izanez gero, hobe da mendi bide zabal eta lasaietan ibiltzea, eta arroiletara joatea erabakiz gero, talde ttikitan, isilik eta natura errespetatuz egin behar da. Bestela, laster arroiletako bizidunik gabe geldituko ga.